Saguzarrak: Jokabidea, Ekologia eta Eboluzioa
Joxerra Aihartza Azurtza
Saio honetan EHUko Zoologia eta Animali Zelulen Biologia saileko "Jokabidearen Ekologia eta Eboluzioa" ikertaldeak azken 30-25 urteotan egin dituen —eta oraindik egiten ari den— ikerketen aurkezpena eskaintzen da. Hastapenetan, Euskal Herrian bizi diren 27 saguzarren espezieen zerrenda finkatu eta banaketa aztertu ondoren, espezie horien kontserbazio-egoera finkatzeari ekin zitzaion. Horretarako,animalia hauek aztertzeko erabiltzen diren metodologia berezietan trebatu behar izan da; bai saguzarrak haien babeslekuetan eta ehiza eremuetan detektatzeko, bai eta zentso kuantitatiboak egiteko ere. Horien artean ditugu, teknika espeleologikoak, mendiko lanerako lanbro-sareak, harpa-sareak, ultrasoinuen grabazio eta identifikaziorako teknikak, infragorrizko bideograbagailuak, eta abar.
Ondoren, saguzarren biologian gako diren ekologia espaziala eta trofikoa aztertzeari ekin zitzaion, bereziki kontserbazioaren ikuspegitik lehentasuna zuten espezieen dieta eta habitat beharrizanak argitzea helburu. Horretarako, irrati-telemetriazko teknika eguneratuenak, eta saguzarren gorotzetan geratzen diren artropodoen hondakinak morfologikoki identifikatzeko teknikak konbinatuz, hainbat espezieren beharrizan oinarrizkoenak identifikatzea lortu zen, egun oraindik Europa mailan erreferentziazkoak diren makina bat ikerlan argitaratuz. Aldi berean, ultrasoinuen grabazio eta azterketan, eta argi infragorriz eta abiadura handitan bideograbazioa ahalbidetzen duten teknologian oinarrituta, animalion zentzumen-ekologia eta ehiza-jokabidean ere aurrerapen handiak egin ahal izan ditugu, besteak beste Europan ezagun den saguzar arrantzale bakarra aurkitzea ahalbidetuz.
Berritasun molekularrek eskeintzen dituzten aukerak profitatuz, azken hamarkadan dietaren azterketa genetikoari ekin zaio, eta honek askoz ere zehaztasun handiagoa eskeini du saguzarrek jaten dituzten intsektuei buruz; bereziki, saguzarrek kontsumitzen dituzten nekazaritza eta basogintzako izurriak identifikatzea ekarri du, bai eta azienden eta gizakiaren gaixotasunen bektore diren intsektuak ere. Lan honek, saguzarrek eskeintzen dituzten zerbitzu ekosistemiko garrantzitsuak azaleratzeaz gainera, horietaz baliatzeko bideak ere aztertzen ditu. Azkenik, ikertalde honek mundu mailako beste zenbait ikertzailerekin elkarlanean dihardugu, batetik saguzarren dibertsitatea ezezaguna den hainbat lekutan oinarrizko azterketa faunistikoak eginez —Goimendietan, Ertamerika eta Afrikako eskualde tropikal aztergabeetan...-; eta bestetik animalia hauek ostalari dituzten birusen dibertsitatea azterketan ere parte hartzen du, Europan eta munduan.
Biografia
1962an Donostian jaioa, Diman bizi da. Biologian Lizentziatua (1989) eta Doktorea (2001). UEUko Natur Zientziak saileko kide da 1985etik, eta Talde Eragileko kide izan zen 1996-2000 eta 2004-2008 bitarteetan.
EHUko Zoologia eta Animali Zelulen Biologia sailean irakaslea 1993.etik, bertan Ornodunen Zoologia irakasten du, besteak beste. Jo- kabidearen Ekologia eta Eboluzioa ditu aztergai nagusi, batez ere espezieen ekologia espazial eta trofikoa, kontserbazio-biologia eta biodibertsitatea jo- rratuz. Oro har kontserbazio-arazoak dituzten espezieak jomuga izanik, ugaztunak aztertzen ditu, eta batez ere saguzarretan espezializatu da, Euskal Herrian eta nazioartean.