Abuztuaren 12ko Eguzki-eklipse osoa
Gorka Buruaga Arteaga
Abuztuaren 12an izango den eguzki-eklipse osoa aukera paregabea da astronomia gertutik ezagutzeko. 2026ko eklipse honek Groenlandia, Islandia, Espainia, Portugalgo zati txiki bat eta Euskal Herriko zenbait eremu zeharkatuko ditu; Europako leku askotan, berriz, eklipsea partziala izango da. Gainera, Europa kontinentalean ikusiko den eklipse oso garrantzitsuenetako bat da azken hamarkadetan.
Hitzaldi honetan, lehenik eta behin, eguzki-eklipseak zer diren azalduko da: Ilargia Eguzkiaren eta Lurraren artean jartzen denean gertatzen direla, eta zergatik batzuetan eklipse partziala den bitartean beste batzuetan osoa izaten den. Azalpen hori bideoen eta irudien bidez egingo da, fenomenoa modu argi eta ulergarrian ikusteko. Oinarri zientifiko hori ulertzea funtsezkoa da abuztuaren 12ko eklipsearen berezitasuna baloratzeko.
Horrez gain, errealitate birtualeko betaurrekoekin esperientzia murgiltzaile bat eskainiko da: alde batetik, eklipsea Lurretik nola ikusten den biziko da; bestetik, espaziotik fenomeno bera nolakoa izan daitekeen irudikatuko da. Amaitzeko, eklipsea modu seguruan eta ahalik eta ondoen ikusteko gomendio praktikoak emango dira, bereziki behaketa segururako eta kokapen egokia aukeratzeko. Euskal Herrian, ikusgarritasuna tokian tokikoa izango da; adibidez, Bilbon eklipse osoa ikus daiteke, baina Donostian ia osoa izan arren partziala izango da.
Biografia
Formakuntzaz ingeniari informatikoa da, eta Industria Antolakuntzan graduatua. Bere ibilbide profesionalean, informatikaren, kudeaketaren eta hezkuntzaren arteko lotura estua landu du urte luzez. Bergarako makinaria enpresa batean informatikako zuzendaria izan zen, eta gaur egun Informatika arloko irakasle eta berrikuntza zuzendari gisa lan egiten du Eibarko Uni Eibar-Ermua Lanbide Heziketako zentroan. Bere jardunean, teknologia, hezkuntza eta berrikuntza uztartzea izan da ardatz nagusietako bat, bai ikasleen prestakuntzan, bai ikastetxean garatzen diren proiektu eta ekimen berritzaileetan.
Txikitatik astronomiazale amorratua izan da, eta duela 21 urtetik hona astronomiaren dibulgazio zientifikoan jardun du etengabe. Urte hauetan guztietan, ikastetxeetan, liburutegietan eta bestelako guneetan hitzaldiak, tailerrak eta jarduerak eskaini ditu, astronomia herritarrengana hurbiltzeko eta zientziarekiko interesa pizteko asmoz. Bere ustez, astronomia bide aparta da jakin-mina sustatzeko eta unibertsoaren inguruko ezagutza modu erakargarrian zabaltzeko.
Gaur egun, Debagoienako Ilatargi astronomia elkarteko kidea da, eta Elgetako liburutegian hilero antolatzen ditu Astrotopaketak. Topaketa horietan astronomiarekin lotutako askotariko gaiak lantzen dira, besteak beste planisferioak, zulo beltzak, galaxiak, izarrak, teleskopioaren erabilera, astroargazkilaritza, emakume astronomoak eta eskulan zientifikoak. Horrez gain, ikerkuntzan ere aritu da, Bergarako Santa Marina parrokiako asoleoaren azterketa eginez. Bere lanaren bidez, astronomia modu hurbil, ulergarri eta erakargarrian zabaltzea du helburu.